Thursday, December 07, 2006

1984

Arratsaldeko bostak inguru dira. Egun euritsua, nola ez, gure hirian. Umeak pozik dabiltza plisti plasta putzuetan saltoka, ama atzetik errieta botatzen dabilelarik. Denek daramate aterkina zabalik, zuk ordea ez duzu behar, zira hartzeaz oroitu zara, honela eskuak libre dituzu nahi duzuna egiteko, zigarro bat erretzeko, hazka egiteko edo besterik gabe libre sentitzeko. Baina zer da libre sentitzea gurea bezalako mundu abstraktuan.
Bikote bat dago banku batean jezarrita. Ez diote euriari erreparatzen, ez diote inori jaramonik egiten. Daukaten gauza bakarra euren gorputzak dira, goxo-goxo muxukatzen ari dira kale erdian, ekialdetik etorritako gizon bibotedunak izkina batean akordeoia jotzen duen bitartean. Parisen egon zintezke, berarekin, baina ez. Bikotea begiratzean maitasunaz oritzen zara. Utzi zintuenetik ez duzu berriz dastatu. Buruan dituzun hitz bakarrak hauexek dira:
WAR IS PEACE
FREEDOM IS SLAVERY
IGNORANCE IS STRENGTH
Malenkoliak jota bikotearengana hurbiltzen zara, mutilaren sorbalda ukitzen duzu, haiekin kopartitu nahi duzu zure esperientzia. Denbora aprobetxa dezaten esan nahi diezu, ez dezatela euren bizitza xahutu txoroarena egiten. Baina mutilak ez du erantzuten. Oroitu zara betaurrekoak mesanotxe gainean utzi dituzula. Gerturatzean segituan ikusten duzu zigiliua. Bi esku, bata txuria, beltza bestea elkar estututa agertzen dira zure buruan irakiten ari diren hitz horien gainean idatzita. Iragarki alu bat besterik ez da. Eskua patrikan sartu eta zigarreta bat hartzen duzu. Kaka, tabakoa erori zaio, ez zara oroitzen noiz izan zen benetazko tabakoa erre zenuen azkeneko aldia. Bai oritzen zara, kotxean zindoazen berarekin, bere ezpain gorri bizietan bi zigarret jarri eta su eman zien zupada luze batekin, ondoren zuri eman zizun haietako bat. Hura izan zen azkeneko aldia.

Rikki-tikki-tavi

No comments: